XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Rokodromoa

Aritza Monasterio Morkaikoko eskalada arduraduna, kiroldegiko rokodromoaren mantenuaz arduratzen da.

Pasa den uztaileatik dago martxan, Morkaikok duela hamar urte baino gehiago rokodromoa egiteko asmoa zuen arren.

Rokodromoa leku estali batean egin behar da, neguan erabiltzeko baita .

Horregatik kiroldegia egin arte itxoin behar izan dugu

Rokodromoa egin denetik jende asko zaletu da eskaladara.

Gainera elgoibartarrok dohainik erabili dezakegu rokodromoa eta kanpotarrei 300 pezeta kobratzen zaie.

Erabili ahal izateko baldintza bakarra, mendiko federazioan federatua egotea da.

Rokodromo honek 9 metro luze eta 11 metro zabal ditu.

Rokodromoaren zailtasun maila, heldulekuen kokapena, tamaina eta kopuruaren araberakoa da.

Zenbat eta helduleku gutxiago eta kokapen bihurrituagoa zailtasun handiagoa.

Inguruan badaude rokodromoak baina honako honek inongoak baino aukera handiagoak ematen ditu.

Hori ikusita, aurtengo Euskadiko Txapelketa, rokodromo honetan egiteko asmoa dutela azaldu digu Aritzak.

Josu Merino elgoibartarra eskaladako txapeldun

Josu Merino, paretean gora, txapela irabazi zueneko igoaldian.

Josu Merino eskalatzaile elgoibartarra, pasa den larunbatean ospatutako Deba Beheko I. Eskalada Txapelketako irabazlea izan zen.

Josu Merino elgoibartarra eta Andoni Ansola eibartarra parekatuak gelditu ziren rokodromoaren puntu altuenera igotzean, baina elgoibartarrak denbora hobea egin zuenez, berarentzat izan zen txapela.

Hirugarrena Migel Anjel Mula bergararra izan zen eta laugarren postuan, parekatuak, Joseba Alvarez, elgoibartarra hau ere, eta Eskoriatzako Franzisko Some.

Txapelketako eskalatzaile guztiek oso maila altua erakutsi zuten.

Horrela komentatu ziguten behintzat rokodromoko bideak prestatu zituzten bi eskalatzaileek, Josean Mulas eta Bea Jimenezek.

Goizez, klasifikatoria eta final-erdia egin ziren eta uste ez izan arren, eskalatzaile guztiek pasa zituzten bi frogak.

Horregatik, arratsaldean beste final-erdi bat egin behar izan zuten eta azkenean, hamar eskalatzaile gelditu zirenean, hauen artean finala egin zen.

Deba Beheko I. Eskalada Txapelketa oso arrakastatsua izan da, partaidetza zein ikuslego aldetik.

Eskalatzaileen artetik, bost elgoibartarrak ziren eta beste guztiak, Mutriku, Deba, Bergara, Eibar eta Eskoriatzakoak.

Aipatu, Patxi Usobiaga eibartarraren partaidetza, 12 urte besterik ez izan arren, bere indarrak helduagoekin neurtzeko orduan batere beldurtu ez zena.